Antzematen zitzaion nekazari jatorrikoa zela. Azken batean, landarekiko harremanetan ikasia zuen denboraren joan-etorria, izotzei beldurra izaten, egonean pazientzia edukitzen, nolakoa den ur, eguzki eta aire premia eta eskuz esku uzta biltzen elkarrekin lanean aritzea.

Noiz behinka hau jakinarazten zuen: “Arratsaldeko 4etan, ahal duten guztiak gonbidatuta daude nirekin lorategira jaitsi eta intxaurrak bildu eta kraskatzera, eta belarrari buelta ematera”. Ahal zuen guztietan baserrira joaten zen, untxi eta oiloei jaten ematera, edo amarik gabe geratu zen txahalari biberoia ematera. Honela esaten du Paulina Perdrau-k (Mater-en pintoreak): “Egun batean, estimu handia zion zaldi batekin zegoen zen eta ni enkargu bat ematera joan nintzen eta, azalpenak ematen ari nintzela, ohartu nintzen zaldiari kasu haundiagoa egiten ziola niri baino. Berehala antzeman zuen kexua nire aurpegian, eta hau esan zidan gaiztakeria-puntu batekin: “Paulina, zure buruaz oso arduratuta ikusten zaitut…!” Beste egun batean, berriz, elizako andamio baten gainean nengoen, pintura bati ukituak ematen, eta hara non datorkidan deika: ¡Paulina, jaitsi!. Behien ardura duen ahizpa ez dago, eta zatoz nirekin behiak gobernatzera. Egun ederra dago!”

1865ko apirilean 85 urte zituen eta hilabeteko bizia geratzen zitzaion (urte horretako maiatzaren 25ean hil baitzen). Bere iloba Estanislaori egin zion eskutitz batean, Parisen udaberri ederra zeukatela esaten zuen eta espero zuela izotz berantiarrik ez izatea horrek lore denak hondatuko zituela eta. Maiatz hasieran, eguraldiaz gozatzen zuen Sofiak eta goiz batzuk lorategian ematen zituen. Zedroaren -bere gustoko zuhaitzaren- azpian eserita, neskatxoak noiz etorriko zain egoten zen, atsedenaldian berarekin egotera. Orduan bai zorion betea zuela, bere gustokoenak ondoan zituelako: haurrak eta natura .


Bere neba Luisek, oso zorrotza bazen ere, mesede handia egin zion: irakurtzeko zaletasuna edukitzea lortu zuen, irakurtzen zuena ulertzea eta ikastearekin batera gozatzea… Homero eta Virgiliorekin liluratu zen, eta Elizako Gurasoekin batera ikasten zituen. Gaztelania ikasi zuen eta Santa Teresa eta San Juan de la Cruz “zuzenean” irakurri ahal izateko zortea eduki zuen, eta nolako barreak egiten zituen Kixoterekin…! Ez zen arraroa, ez eta “paperjalea” ere: dibertitzea gustatzen zitzaion, lagunekin irtetea eta arropa dotorez janztea...

Parisen bizi izan zenean, landarekiko harreman zuzena faltan sentitzen zuen, etxean animaliaren bat edukitzea; umea zenean oparitu zioten arkume jaioberri hura bezala, toki guztietara jarraitzen zion eta eseritzen zenean bere oinetan etzaten zen. Behin batean, bere neba Luisek honela esan zion: -“¿Ikusten al duzu arkume hori, zure ondoan geldi-geldi? Berak zuri dizun estimua adierazteko modua da…” Horrek otoitza zer zen ulertzen asko lagundu ziola esaten zuen Sofiak handitan: geldirik egon, Jesusen aurrean, maitatzen...

 

Haurtzaro gogorra izan zuen, Luis bere neba apaiza tutore zorrotza izan zelako eta ez ziolako bat ere barkatzen. Gogor hartzen zuen, etengabe ikasarazten zion ia atsedenik hartzeko tarterik gabe; gutxi jan eta lo gutxi eginarazten zion eta ordutegi oso estua jarri zion. Ez zion uzten atsegin zitzaiona aukeratzen, eta haren ikasketa-planetik irudimena edo sentiberatasuna piztu zezakeen guztia kendu zuen. Dibertitzen zuen liburua eskuetatik kentzen zion, ez zion lagunekin jolasera joaten uzten; saiatu zen literatura-lanengatik mespretxua adierazten zion eta, behin baino gehiagotan sutara bota zituen egiten ari zen esku-lanak, horietan hutsalkeria jartzen zuela iruditzen zitzaiolako.
Gauza horiek Sofiari min handia egiten zioten eta sarritan negar egiten zuen ixilean, kuzkur eta beldurti bihurtu zen eta handitan asko borrokatu behar izan zituen bere segurtasun eza eta beldurrak.
Baina horri esker umorearen sena lantzen ere ikasi zuen, problema txikien aurrean tartea jartzen eta haiei barre egiten. Bere heziketak izan zituen alderdi onez ohartu zen: misterioz, mugarik gabeko eskakizun haiek barrutik indartsu izaten erakutsi zioten, bere sentiberatasun handiegiari jaramon gutxi egiten, bere gogoa gero eta sendoago eta era berean malguago bihurtzen eta baita apalago izaten ere.


Profesa egunean, kaperan egon behar zutenean, lagunak ahizpa Sofiaren bila hasi ziren. Patioko intxaurrondoaren azpian aurkitu zuten, geldi-geldi, beste guztia beretzat desagertu balitz bezala, komunikatzen zitzaion Jauna izan ezik. Egoera hartatik irten zenean diztiratsu eta gartsu zuzendu zen altarera, non sagaratuko zitzaion bera liluratu zuen Hari.

 

 

Bere bizitzari eutsi zion harkaitzetako bat Elizarenganako maitasun hautsisezina izan zen. Beti iraun zuen, nahiz eta bizitzea suertatu zitzaion une historikoan elizan zegoen gatazkaren erdi-erdian bizi izan zen. Alde batetik, gotzain frantziarrek mesfidantzaz begiratzen zioten Kongregazioari, Frantziatik kanpora zabaltzen ari zelako, eta haren gaineko aginteari eutsi nahi zioten kosta ahala kosta. Beste aldetik, pertsona askoren ustez, Jesusen Bihotzaren Elkartea beste herri batzuetara zabaldu nahi bazen behar-beharrezko ikusten zuten Etxe Nagusia Erroman egotea, Elizaren erdigune agerikoa zen Aita Santuaren ondoan. Bi joeraren erdian zegoen Sofia eta, edozein erabaki hartzen zuela, txartzat hartzen zuten kontrako iritzikoak zirenek.
Gatazka hau izan zen bizitzan zehar gehien sufriarazi ziona eta pazientzia, apaltasun eta jakituriaz eramaten jakin zuen. Honela zioen: “Izaeraz ez naiz susmo txarretan ibiltzen dena. Ez dut gustoko inorez gaizki pentsatzen aritzea. Norbait nabarmen gaizki ari bada, asmo onez ari dela pentsatzen dut eta ez dut gehiago aztertzen. Guztiaz baliatuz Jaunak bere lana egiten du. Ohi bezala, ez daukat Hari egiten uztea baizik, eta Hark ongia aterako du gaitzetik. Zalantzarik gabe, bere planei oztoporik ez jartzeko, Jaunak tresna pobrea eta berezko baliabiderik gabea aukeratu du; edukitu banitu, beharbada zail egingo zitzaidan haiei uko egitea nire moduan jokatuz. Jaunak nahi izan zuen lan hau ez giza-eskuek egina izatea, erabat Hark egina baizik.”

 

Beste lau lagunekin batera Ameriketara bidaltzera zihoan Filipina Duchesne agurtzen ari zen. Rebeka izeneko belauntzian ontziratzera zihoazen eta abentura luze eta arriskutsuari ekitera: garai hartan bidaiatzea arriskuz beteta zegoen eta mundu ezezagun bati aurre egin behar zioten. Hau esan zien Sofiak: “Luisianan sagrario bakar bat irekitzea, hori besterik lortuko ez bazenute ere, edota indigena bakar bati Jesukristorenganako maitasun-ekintza bat esatea besterik lortuko ez bazenute, ¿ez al duzue uste hori nahikoa dela erabat zoriontsu izan zaitezten?”
 
“Barnetegira oso neska txiki bat etorri zen -kontatzen du Paulina Perdreauk- eta oso mimatuta zegoela iruditzen zitzaidan; horrela, hezitzen hasteko, ez nion besteei baino jaramon handiagorik egin eta haren logelan utzi nuen besteak bezala. Sofiak horren berri izan zuen hurrengo goizean eta nirekin haserretu egin zen: “Ez duzu bihotzik izan ez eta zentzu komunik ere! ¿Nolatan utzi duzu bera bakarrik lehenengo gauean? Jesusen Bihotzeko neskek bere etxean daudela sentitu behar dute. Nik nire ondora ekarriko nuen, mimoz beteko nuen eta ipuinak kontatuko, falta zuen familiaren maitasun guztia emango nion… Jesusen maitasun guztia zenuen harekin xahutzeko eta ez duzu egin!” Uste dut ez zaidala inoiz ere ahaztuko irakaspen hori…”

 

Bizitza osoan gustatu zitzaizkion animaliak eta batzuetan istiluak izaten zituen horiek zirela eta. Behin, kateme baten kume batzuk desagertzeko asmoa zutela jakin zuen eta ezkutatzea lortu zuen, eta ez zituzten aurkitu. Normala den bezala kateme hark estimu handia hartu zion, zakar-fama duten arren...
Parisen sortu zuen lehenengoetako ikastetxe bateko lorategian, berak landatutako zedro handi bat zegoen, eta haren itzalean eseritzen zen. Jende xehez inguratua egoten zen eta baita jende handiz ere, bere jakinduriak, ulertzeko gaitasunak eta samurtasunak erakarrita; dena kontatu, galdetu eta fidatu ziezaioketen eta, azkenean beti Jesusez hitz egiten amaitzen zuten.
Hil zenean, idazkun hau jarri zuten zuhaitzaren ondoan:
“Zedro hau M. Barat-ek landatu zuen 1820an eta sarritan atseden hartzen zuen haren gerizpean. Egiaren bila dabiltzanentzat egin zuen lan eta zintzo jarraitu zion jakinduriaren bideari."